Miguel Altunak ZTB Jardunaldien 11. edizioan parte hartuko du
Bergara zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren topagune izango da udazken honetan, ZTB Jardunaldien 11. edizioarekin. Urriaren 30etik azaroaren 15era, ikerketaren inguruan hausnartzeko eta zientzia eta berrikuntza hainbat ikuspegitatik ezagutzeko aukera izango da.
Aurtengo edizioaren ardatza ikerketa izango da. Ikerketaren emaitzez harago, haren atzean dagoen prozesua ezagutarazi nahi dute jardunaldiek: jakin-mina, hipotesiak, saiakerak, akatsak eta urteetako lana. Horretarako, ikerlariak, enpresak, ikastetxeak, profesionalak eta herritarrak elkartuko dituen egitaraua prestatu da.
Miguel Altuna Lanbide Heziketa ere ekimenaren parte da, prestakuntzaren, teknologiaren eta berrikuntzaren arteko lotura azpimarratuz. Miguel Altunako Mikel Atxega Zirako parte hartuko du aurtengo programazioan, ikerketa eta Lanbide Heziketaren arteko harremana erakusteko.
Programazioaren barruan, gainera, (HI)! Ikerlari — Gazte Ikerlarien Forum Zientifikoa egingo da lehen aldiz, azaroaren 11tik 13ra, UNED eraikinean. Bertan, hainbat arlotako ikerlari gazteek beren proiektuak aurkeztuko dituzte, besteak beste, adimen artifiziala, bioteknologia, osasuna, materialak, robotika eta ingeniaritza.
ZTB Jardunaldiak Bergarako Udala, Laboratorium Museoa, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, UNED, Miguel Altuna, Enpresare, Elhuyar, Mondragon Unibertsitatea, EHUko Kultura Zientifikoko Katedra eta beste hainbat eragileren elkarlanaren emaitza dira.
ZTB Jardunaldien programazio osoa hemen kontsulta daiteke.