Miguel Altunak WFCP Awards of Excellence 2026 nazioarteko saria jaso du berrikuntza digitalean

Miguel Altuna Lanbide Heziketak Digital Learning Innovation Award saria eskuratu du, Lanbide Heziketako ikaskuntza digitalaren arloan egindako berrikuntza aitortuz.

CIFP Miguel Altuna LHIIk WFCP Awards of Excellence 2026 nazioarteko saria jaso du, Digital Learning Innovation Award kategorian. Aitorpen horren bidez, Lanbide Heziketan ikaskuntza digitalaren arloan egindako berrikuntza eta ekarpena saritu ditu World Federation of Colleges and Polytechnics (WFCP) erakundeak.

Sari-banaketa azaroaren 23tik 27ra Nairobin (Kenya) egin den WFCPren Munduko Kongresuaren baitan ospatu da eta Joxu Arana Zuzendaria eta Unai Ziarsolo proiektuaren arduradun eta Ikas Fabrikako ordezkaria izan dira bertan.

Sari horiek mundu osoko Lanbide Heziketako erakundeen ekimen eta jardunbide nabarmenak aitortzen dituzte, besteak beste, berrikuntzaren, inklusioaren, jasangarritasunaren eta nazioarteko lankidetzaren arloetan.

Miguel Altunak jasotako sariak nazioarteko aitortza ematen dio ikastetxeak Ikas-Fabrika ekimanaren bidez ikaskuntza-ereduak berritzeko eta teknologia digitalak Lanbide Heziketan txertatzeko egiten duen lanari.

Aitorpen hau Miguel Altunako komunitate osoaren lanaren eta konpromisoaren emaitza da, eta bultzada berria ematen dio etorkizuneko Lanbide Heziketaren erronkei aurre egiteko egiten ari den ibilbideari.