“Datorren Gazteria” mahai-inguru arrakastatsua, etorkizuneko talentua eta Lanbide Heziketaren papera ardatz hartuta

Atzo, Noticias de Gipuzkoa egunkariarekin elkarlanean, “Datorren Gazteria” izeneko mahai-ingurua antolatu genuen, Lanbide Heziketak eta enpresek etorkizuneko talentuaren garapenean duten funtsezko papera aztertzeko helburuarekin. Jardunaldia goizeko 9:30etan hasi zen parte-hartzaileen arteko topaketa eta kafearekin, eta ondoren inaugurazio instituzionala egin zen. Bertan izan ziren Eduardo Iribarren (Noticias de Gipuzkoa-ko zuzendaria), Jon Labaka (Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuordea) eta Unai Andueza (Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapen Ekonomiko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua).

Lanbide Heziketa, industriaren motor

Lehenengo mahaian, “Centros de FP: el motor de la industria” izenburupean, hainbat Lanbide Heziketako zentrok parte hartu zuten: HETEL, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa, Uni Eibar-Ermua, UGLE-Urola Garaiko Lanbide Eskola, Miguel Altuna Lanbide Heziketa eta Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutua. Bertan azpimarratu zen LHk industriaren lehiakortasunean eta berrikuntzan duen eragin zuzena.

Enpresak eta talentuaren fidelizazioa

Ondoren, Mikel Sarriegi ADEGIko Prestakuntza eta Talentu zuzendariak elkartearen txostena aurkeztu zuen, eta jarraian “Empresas: fidelizando el futuro” mahaia egin zen. Bertan parte hartu zuten Smartlog Group, Orbik Cybersecurity, Lacor, ADEGI eta DANOBAT enpresetako ordezkariek, talentua erakartzeko eta mantentzeko erronkak eta aukerak partekatuz.

LH industrialaz harago

Ondoren, hirugarren mahaian, “Formación Profesional más allá de lo industrial”, Lanbide Heziketak beste sektore batzuetan duen presentzia eta potentziala landu zen. Parte hartu zuten Miguel Altuna Lanbide Heziketak, Tolosaldea LH Institutuak, Kardalak eta Lizaran BHI-k.

Ikasleen ahotsa, etorkizunaren giltza

Azkenik, “Estudiantes: Vocación y salida profesional” mahaian, ikasleen ikuspegia eta esperientziak izan ziren ardatz, bokazioaren garrantzia eta lan-merkaturako sarbidea aztertuz.

Miguel Altunatik eskerrak eman nahi dizkiegu ekitaldian parte hartu zuten erakunde eta enpresa guztietako ordezkariei, eta bereziki, Miguel Altuna Lanbide Heziketako ikasleei, Amets Recio eta Denisse Guillen-i beraien esperientzia partekatzeagatik eta baita Izaskun Larrañaga Frías, LACOR IBILI taldeko kontseilari delegatuari ere.

“Datorren Gazteria” topaketak agerian utzi du Lanbide Heziketak eta enpresa-sareak elkarlanean jardunez gero, etorkizuneko talentua garatzeko oinarri sendoa eraiki daitekeela.