Miguel Altunako ikasleak Erasmus+ jardunaldian

Miguel Altuna LHIIko ikasleek urtero parte hartzen dute Erasmus+ programan, atzerrian lan-praktikak eginez eta nazioarteko esperientzia eskuratuz. Pasa den otsailaren 12an, Durangoko Landako Gunean egin zen “Mugitu, ikasi eta bizi, Erasmus+ Lanbide Heziketarekin” jardunaldian gure ikastetxeko bi ikaslek parte hartu zuten, euren esperientzia azalduz.

Ekitaldian Euskadiko Lanbide Heziketako 800 ikasle bildu ziren, datozen asteotan Europako 25 herrialdetako enpresetan praktikak egingo dituztelarik. Egonaldiak 15 egunetik hiru hilabetera bitartekoak izango dira.

Jardunaldian izan zen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu den Begoña Pedrosak nabarmendu zuen Erasmus+ programak ikasleen prestakuntza, nazioarteko ikuspegia eta garapen pertsonala indartzen dituela. Gure ikasleek ere atzerriko praktikek ematen duten esperientzia profesional eta pertsonala azpimarratu zuten.