“Building Bridges, Boosting Skills” nazioarteko proiektuan: 3D inprimaketak Europako ikasleak batzen ditu

Miguel Altuna LHIIko bi irakasle Kroazian izan dira aste honetan, Building Bridges, Boosting Skills nazioarteko proiektuaren lanketa abian jartzen. Proiektua iaz bisitatutako One for All Foundation erakunde holandarrak gidatzen du, eta Ipar Europako hainbat herrialdetan garatzen hasi ondoren, orain Hego Europako hiru ikastetxetara zabaldu da: CIFP Santurtzi LHII, Miguel Altuna LHII eta Kroaziako Elektrostrojarska Škola (Varaždin).

Astearte eta asteazkenean, Varaždineko eskola kideekin etorkizuneko ekintzak planifikatu ditugu. Hurrengo hitzordu nagusia urtarrilaren 21-22-23an izango da, Miguel Altunan egingo den Kick-off Week jardunaldian. Bertan, ikastetxe bakoitzetik hautatutako lau ikaslek lehen aldiz egingo dute lan elkarlanean, 3D fabrikazioa eta Garapen Jasangarria uztartuko dituen erronka partekatu bati hasiera emateko.

Elektrostrojarska Škola gure zentroaren antzekoa da, eta Mekatronika, Fabrikazioa edo Web Aplikazioak bezalako espezializazioak eskaintzen ditu. Bisitaldian, aukera izan dugu baita ere Metalska Jezgra berrikuntza-zentroa ezagutzeko; 3D fabrikazioarekin eta software garapenarekin lotutako proiektu aurreratuak erakutsi dizkigute bertan.

Datozen asteetan, gure ikasleak 3D diseinu eta fabrikazioan trebatzeko lanean arituko dira. Gainera, Ameriketako Estatu Batuetako irakasle batek lagunduko die ingelesez eta jendaurrean aurkezten trebatzen, nazioarteko topaketarako prest egon daitezen.